Balenciaga Etxeak
Donostia, jatorria
Cristóbal Balenciaga Eizaguirrek (Getaria, 1895 – Valentzia, 1972) Donostian ekin zion bere enpresa- eta sormen-ibilbideari, sasoi batzuetan Gortea hirira etortzen zen eta Euskal Kostaldearen fenomeno turistikoa bizirik zegoen une betean.
1917an zabaldu zuen bere lehen moda-etxea, “C. Balenciaga”, Bergara kaleko 2. zenbakian. Ondoren, Lizaso ahizpekin elkartu zen sei urtez, eta “Balenciaga y Cía” sortu zuten elkarrekin. Sozietatea zenbait aldiz aldatu ondoren, 1924an Askatasunaren hiribideko 2. zenbakira eraman zuen bere jarduera, “Cristóbal Balenciaga” izenaz. Bigarren etxe bat sortu zuen 1927an, Okendo kaleko 10. zenbakian, “Marina Robes et Manteaux” izenaz, eta urte bereko urrian “EISA Costura” izena eman zion. 1933an, “EISA Costura” enpresa “EISA B. E. Costura” bihurtu zen eta Askatasunaren hiribideko 2. zenbakiko lehen solairura aldatu zen. Aldiz, “Cristóbal Balenciaga” enpresa eraikin bereko bigarren solairura eraman zuten.
Aldi berean, sukurtsal bat zabaldu zuen Madrilen, Caballero de Gracia kaleko 42. zenbakian, eta bi urte geroago, 1935ean, Bartzelonako Santa Teresa kaleko 10. zenbakian beste bat zabaldu zuen.
1937ko uztailean, Balenciagak Chambre Syndicale de la Haute Couture sindikatu-ganberan inskribatu zuen “BALENCIAGA” enpresa, Wlazio d’Attainville eta Nicolás Bizcarrondo bazkideekin batera, eta egoitza Parisko George V etorbideko 10. zenbakian zeukala jaso zuen.
Getariatik eta Donostiatik mundura abiatu zen, goranzko ibilbide koherente batean, goranzko bilakaera mailakatu batekin; bidaia horretan, Cristóbal Balenciagak, bere jatorrizko balioei helduz –zintzotasuna, jarraikitasuna, lan egiteko eta arriskuak onartzeko gaitasuna, dotoreziarako eta edertasunerako berezko sena, eta bere lanbidearen ezagutza tekniko paregabea–, nagusitasuna lortu zuen goi-mailako joskintzan, eta ondare denboragabe paregabea sortu zuen.
Laneko testuingurua
Balenciaga Etxeak bi espazio independente eta bereiziren inguruan antolatzen dira: lantegia eta aretoa.
Lantegian bildumak sortzen ziren eta enkarguak prestatzen ziren; hau da, eremu horretan josten ziren bezero bakoitzarentzako neurrira egindako piezak. Gortina atzeko eremu ikusezin horretan, prestakuntza Etxean bertan jaso zuten petite mains edo jostun adituak aritzen ziren lanean. Lantegiok hiru kategoriatan espezializatzen ziren: joskintza, jantzigintza eta kapelagintza.
Joskintza eta jantzigintza goi-mailako joskintzako etxearen zutabe nagusiak ziren, eta erabiltzen zituzten ehunen, teknikaren eta puntaden arabera bereizten ziren. Kapelagintzan bildumako looka osatzen zen, dotorezia, edertasuna eta proportzioak emanez beste bi ataletan prestatutako modelo bakoitzari.
Parisen, Balenciaga Etxeak 10 lantegi zituen; aldiz, Donostian, Madrilen eta Bartzelonan, atal guztiak eremu berean egoten ziren, Madrilgo kapelagintzako lantegi espezifikoan izan ezik.
Lanaren antolaketak hierarkia argi bat zuen, Chambre Syndicale de la Haute Couture ganberak ezarritako irizpideei jarraikiz: Chef d’atelier edo ebakitzaile nagusia, premiere d’atelier edo ofiziala, eta seconde d’atelier edo ikastuna; zuzendariak gainbegiratzen zituen langile horiek guztiak, denboraldi bakoitzeko 200 modelo baino gehiago egin eta Cristobal Balenciagak berak eskatzen zituen entrega-epeak eta kalitate-estandarrak betetzeko.
Goi-mailako joskintzako aretoa bezeroei harrera egiteko gunea da; han erakusten zaie bilduma, eta hantxe egiten dira probak, probagela txikietan. Balenciaga Etxean, sarbidea mugatua zen: gonbidapen bidez soilik sartzen ziren bezeroak, eta beti norbaitek gomendatuta.
Aretoko zuzendariaren begirada ernearen aurrean egiten ziren desfileak: isil-isilik, ezinbesteko cabine manikiek –etxeko lanaldi osoko langileak– begirada urrunaz eta irribarrerik egin gabe erakusten zituzten modeloak, eskuan erreferentzia-zenbaki bat zeramatela. Guzti-guztia, aretoko dekorazio dotore baina neutrotik hasi eta maniki dotore baina ez nahitaez ederretara, sorkuntza bakoitzaren ezaugarriak soilik nabarmentzeko pentsatuta zegoen.
Saltzaileak funtsezkoak ziren Etxearen jardunean; horregatik, emakume ikasiok zenbait hizkuntza hitz egiten zituzten, eta modu diskretuan konbentzitzeko talentua izan ohi zuten. Bezeroekiko harremanaren eta eskarien prozesu osoaz arduratzen ziren. Etxeko modeloak jantzita, bezeroei arreta eman eta probageletara eramaten zituzten; han, probatzaile baten laguntzaz, toile edo oihalak bezero bakoitzaren neurrietara egokitzen zituzten, eta prozesu hori amaitzeko azken probak egiten zituzten hautatutako ehunean.